Hasiera » Zehaztu gabe » Lazkoz, Aresoko Udaleko idazkari kontu-hartzailea: “Aresoko Udalak euskaraz funtzionatzen du”

Lazkoz, Aresoko Udaleko idazkari kontu-hartzailea: “Aresoko Udalak euskaraz funtzionatzen du”

Bere udalerrietako udalen euskalduntzea bultzatzeko, euskararen erabilerari dagozkion diagnostikoak egiten ari da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Areso da herri horietako bat. Duela bost urte inguru sartu zen UEMAn, eta Nafarroako herri txiki honetako egoera zuzenean ezagutu asmoz,  Ione Miren Lazkoz,  bertako idazkari kontu-hartzaileari elkarrizketa laburra egin diogu:

Bost urte igaro dira, Aresoko udalak Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko erabakia  hartu zuenetik.  Orokorrean, Aresoko herriarentzat erabaki ona izan dela uste al duzu?

Bai, erabaki egokia izan dela uste dut.

Zein da UEMAk Aresoko herriari egin dion ekarpenik esanguratsuena? Eta aresoko herriak UEMAri?

Areson kontzientzia areagotzea ekarri du, eta hizkuntz eskubideak defendatzeko jarrera indartzea izan da nire ustez ekarpenik esanguratsuena. Denbora honetan, herritarrek beren hizkuntza eskubideak aldarrikatzerako garaian konfiantza irabazi dutela esango nuke.

Aresok UEMAri egindako ekarpenari dagokionez, ekarpen ekonomikoaz gain sendotasuna ere eman diola uste dut, gure txikitasunetik, UEMA biztanle eta herri gehiagoz osatua izatea ahalbidetu dugu.  

Euskararen erabilera dagokionean, zein egoera zuen Aresoko udalak UEMAN sartu aurretik?

UEMAN sartu aurretik, udal honek, gaur egun bezala, bi langile zituen, baina idazkaria erdalduna izanik, udalaren funtzionamendua erdara hutsean ematen zen, nahiz eta hautetsi guztiak euskaldunak izan.

Zerbitzu anitzeko langilearen harremana herritarrekiko euskaraz gauzatzen bazen ere, udal barruan ematen zen harrera erdaraz ematen zen. UEMAn sartu baino urtebete lehenago erdalduna ez idazkariaren lekura euskaldun bat etorri zen, eta horrek lanean euskaraz hasteko bidea ireki zigun. Ondoren, UEMAtik eman diguten laguntza ezinbestekoa izan da udalaren euskalduntzean urrats sendoak emateko.  

Nolakoa da gaur egun euskararen egoera Aresoko udalean?

Gaur egun, Aresoko udalak euskaraz funtzionatzen du. Harrera euskaraz izateaz gain, batzarrak euskaraz egiten dira. Herritarrekiko harremanak ere euskaraz izaten dira kontrakorik eskatzen ez duten bitartean. Kasu horietan, harremanak elebitan izatea bermatzen dugu. Barne mailan euskaraz funtzionatzen dugu, naiz eta legeak behartuta, hainbat espediente elebitan egin behar izaten diren; zerbitzuak ematen dizkiguten enpresak euskaldunak izaten saiatzen gara,  aresoarrei beren hizkuntza eskubideak errespetatuko zaizkiela bermatzeko. Eta udal langileen kontratazioetan ere datozen langileak euskaldunak izateko baldintzak ezarri ditugu.

Udaleko langileei zertan eragin die UEMAN sartzeak?

UEMAN sartzeak lan karga gehiago izatea suposatu dit, je, je… Legeak, Areso Nafarroako eremu euskaldunean kokatu arren, hainbat espediente, idatzi, akordio eta esleipen ele bietan egitera behartzen gaitu. Euskara hutsean egin ezin ditugunez, ele-biz egin behar dira, eta horrek nolabait lana bikoiztea suposatzen digu. Gainerakoan,  ahozko harreman naturala beti euskaraz eman izan denez ez du aldaketarik suposatu.

Udala euskalduntzeko bidean zer nolako trabak aurkitu dituzue? Nondik datoz oztopo horiek?

Trabak eta oztopoak Nafarroako Gobernutik datozkigu, administraziotik. Nafarroa eremuka banatzen duen euskararen legea dela eta, zerbitzu aunitz zonalde mistoan egotean euskararen erabilera erabat murrizten du, eta gu nahiz eta eremu euskaldunean egon, dagozkigun eskubideak ez zaizkigu ez errespetatuak ez bermatuak izaten.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.