Espainiako Estatuko Abokatuak helegitea jarri du Zarauzko Udalak Bildu, PSE-EE, Aralar eta Ezker-Anitzaren aldeko botoekin onartutako hizkuntza irizpideen aurka. Aurrez, Anoeta, Lezo eta Zestoako udalek ere jaso dituzte antzeko helegiteak, kasu horietan kontratazio publikoetan hizkuntza irizpideak ezartzeagatik. UEMAren ustez, “euskararen aurkako erasoak” dira helegite horiek guztiak.
Otsailaren 27an egindako osoko bilkuran onartu zituen Zarauzko Udalak euskarari lehentasuna emateko hizkuntz irizpideak. Erabakiaren garrantzia azpimarratu nahian, Maren Belastegi UEMAko lehendakaria eta Zigor Etxaburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak ere parte hartu zuten Zarautzen hizkuntza irizpideak aurkezteko egindako agerraldian. Gari Berasaluze Zarauzko Udaleko zinegotziak nabarmendu zuenez “euskaldunak bigarren mailako herritarrak izateari utziko diote hizkuntza irizpideei esker”.
Zarautz UEMAn sartu berri da eta indartsu ari dira euskararen aldeko lanean. 23.000 biztanlerekin, herritarrekin euskara hutsean jarduteko erabakia hartu duen Euskal Herriko herri handiena da. Maren Belastegi UEMAko lehendakariaren esanetan, “Zarautz urrats garrantzitsuak ematen ari da euskararen normalizazioa bultzatzeko.”