Hasiera » Zehaztu gabe » Udalerri euskaldunei aitortza bai, euskalduntzeko neurririk ez

Udalerri euskaldunei aitortza bai, euskalduntzeko neurririk ez

Pasa den astean aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzako arduradunek Euskara Sustatzeko Ekintza Plan (ESEP) berria. Plan horren zirriborroa lantzen hasi zirenean, udalerri euskaldunen ikuspegitik zeintzuk ziren plan horrek zituen puntu positiboak eta zeintzuk hutsuneak jakinarazi zitzaien orduan zeuden Jaurlaritzako arduradunei. Geroago, gaur egun dauden arduradun berriei ere eman zitzaien horren inguruan UEMAk zuen iritziaren berri. Baina onartu berri duten planak ez ditu UEMAk egindako ekarpenak kontutan hartu.

ESEPek puntu positiboak ditugula diogu, izan ere, lehen aldiz Jaurlaritzaren normalizazio plan batean, gune geografiko euskaldunenek toki berezia dute. Eta hori urrats garrantzitsua dela uste dugu, hainbat urtetan udalerri euskaldunetako egoera soziolinguistikoa kontutan hartzearen garrantzia azpimarratzen aritu ondoren. Udalerri euskaldunek euskararen normalizazioan jokatzen duten papera aitortzeko eskatu, eta gune horietarako hizkuntza politika ezberdinak behar direla aldarrikatu dugunontzat urrats garrantzitsua da, benetan.

Eusko Jaurlaritzak Euskara 21 gogoeta prozesuaren ondorioak jasotzen dituen Itun berritu baterantz txostenean aipatu zuen: “arnasguneak zaindu, sortu eta, ahal balitz, hedatu ezean, alferrik izango da, seguruenera, gainerako ahalegin oro. Horrenbestez, lehentasunezko trataera garbia eman beharko zaie euskararen arnasguneei XXI. mende hasierako hizkuntza politikan.” Baina orain arte baieztapen horiek ez ziren tokiko administrazioetarako diseinatu planetan islatzen.

Hausnarketa orokorretik ekintza planera jauzi egiterako garaian, ESEP osatzerakoan, udalerri euskaldunei lehen aldiz toki bat eskaini bazaie ere, Jaurlaritzak ez ditu arnasguneen garapen soziolinguistikorako beharrezkoak diren neurriak zehaztu. Eta UEMAtik hori egiteko eskatu zenean ere, ekarpenak ez ziren aintzat hartu. Horrela, UEMAren iritziz hutsune nabarmenak dituen plana onartu berri du  Jaurlaritzak.

Udalerri euskaldunetan normaltasunez euskaraz bizi bagara ere, zenbait esparrutan hutsuneak ditugu oraindik ere. Horregatik, egoera soziolinguistiko hoberenean dauden guneetan hizkuntza politika aurrerakoi eta ausartak behar dira, eta ez orain arte bezala, gune hauetan benetako normalizaziorako balio ez duten betiko ekintzak.

Azken urteetako udalerri euskaldunetako datuak aztertzen baditugu, eta zehazki UEMAko 71 udalerrietakoei, kezkatzeko moduko eboluzioak ere badaudela konturako gara. 1981eko datuekin alderatuta, UEMAko 71 udalerrietatik 39 udalerritan, euskaraz dakitenen portzentajeak behera egin du. Hogeita hamar urteotan atzeraka egin dutenen artean, batez ere herri txiki eta euskaldunenak daude . Eta horrek zerbaitek huts egin duela esan nahi du. Gune euskaldunak bizirik mantentzearen garrantzia aitortzen badugu, datu horiek kezkagarriak direla ondorioztatze ezinbestekoa da; eta ondotik, egin den hizkuntza politikan hutsuneak egon direla aitortu eta bide berri bati ekiteko garaia da UEMAren ustetan

Gauzak horrela, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Euskara 21 gogoeta prozesuko ondorioak praktikara eramateko baliabideak jar ditzan eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari. Udalerri euskaldunek osatzen duten lurgunea euskararen arnasgunerik zabalena izaki, normalizazio prozesuaren erdian kokatu behar da. Segidan, bide praktiko eta eraginkorrari lotuta lan egiteko. UEMAk horretan dihardu, eta Jaurlaritza ere bidelagun eduki nahi eta behar dugu horretan. Finean, horixe da eskatzen duguna: udalerri euskaldunek hizkuntzaren biziraupenean duten garrantzia aitortzetik abiatuta, udalerri horiek zaindu eta erabateko normalizazioa lortzeko behar dituzten hizkuntza politika aurrerakoiak elkarlanean bultzatzea.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.