Bederatzi hilabete igaroko dira UEMAk eta Osasunbideak bilera egin zutenetik. Bilerako gaia, nola ez, Osasunbidea euskalduntzearen inguruko zen. Zehazki, eremu euskalduneko osasun zerbitzuetako lanpostuei ezarritako hizkuntz perfilek herritarrak euskaraz artatzerik bermatzen ez dutela-eta eskatu zion UEMAk bilera Osasunbideari.
2012ko abenduaren 17an egindako bilera hartan, UEMAk eskakizun zehatzak helarazi zizkien Osasunbideako arduradunei:
-Emakumeen Arretarako Zentroetako lanpostuei euskarazko perfila jartzea (Plantilla Organikoan).
-Osasun Zentroetan euskarazko perfila ez duten lanpostuei euskarazko perfila jartzen hastea. Pediatrei, medikuei eta jendaurrean lan egiten dutenei lehentasuna ematea.
-V1 perfilak ez duenez euskaraz zerbitzua emateko eskasegia denez, igotzea (V3).
-Euskarazko plazen ordezkoetan euskaldunak egonen direla bermatzea.
-Gainerako arloetan urratsak ematen hastea: paisaje linguistikoa, informazio-orriak, mamografiako zitazioak, mamografiako txostenak, erradiografia zerbitzuko inkestak, hitzorduak jartzeko SM -mezuak, baja-agiriak…
-Urgentziazko Zerbitzuetako langileen hizkuntz perfilak zehaztea.
Gainera, UEMA eta Osasunbidearen artean hartu-eman eta elkarlan iraunkorra izatea eskatu zitzaien, euskalduntze prozesua garatu ahal izateko. Eta horrela, Osasunbideako arduradunek gaia lantzeko eta 2013ko urtarrilean beste bilera bat deitzeko konpromisoa hartu zuten.
Igaro diren bederatzi hilabeteetan UEMAk ez du bilerarako deialdirik jaso, eta beraz, ez da bilerarik egin, ez eta osasun zerbitzuan euskararen erabilera sustatzeko neurririk hartu ere. Hori da, behintzat, UEMAk bere aldetik egindako azterketaren emaitzek erakutsi dutena.
Oraindik, udalerri euskaldunetako osasun zerbitzuek hutsune larriak dituzte euskarari dagokionean. Esaterako, Arbizuko eta Lakuntzako administrari eta medikuaren tokian ordezko erdaldunak jarri dituzte aurtengo udan. Eta Etxarriko zentroko zuzendariarekin bilera eginda ere ez da lortu arazoa konpontzerik. Honela, Osasunbideak, eskaintzen duen zerbitzuarekin herritarren hizkuntza eskubideak urratzeaz gain, udalerri euskaldunetako egoera soziolinguistikoa kaltetzen du.
Egoera horren aurrean, UEMAk bilera berri baterako hitzordua eskatu dio Osasunbideari. Eta honela, arduraz jokatu eta hartutako konpromisoak betetzeko eskatu nahi dio. Euskarari buruzko 15/1986 Foru Legeak dioen modura, udalerri euskaldunetan “herritar guztiek, Administrazio Publikoekiko harremanetan, euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eta berek hautatutako hizkuntza ofizialean harrera izateko eskubidea dute.”