Hasiera » Zehaztu gabe » Lan metodologia berriarekin, UEMAk bultzada indartsua eman nahi dio udalen euskalduntzeari

Lan metodologia berriarekin, UEMAk bultzada indartsua eman nahi dio udalen euskalduntzeari

UEMAk martxoan amaitutako hausnarketa prozesuan zera ikusi zuen: alde batetik, UEMAren baitan ezaugarri ezberdineko hainbeste udal egonda, bakoitzak maila desberdinean betetzen zituela mankomunitatearen hizkuntza irizpideak. Eta bestetik, bazirela UEMAren baitan ere zenbait udal erabilera planen baitan euskararen normalizazioan aurrera egin ezinik. Horrela, udalen euskalduntzea bultzatzeko, UEMAko irizpideak bateratuko dituen metodologia diseinatu eta erabilera planei beste bultzada bat ematea erabaki zen aipatu hausnarketa prozesuan.

Hausnarketa prozesutik ateratako ildo berria abian jarrita, mankomunitatean biltzen diren Nafarroako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako 71 udal euskalduntzeko urrats eraginkorrak eman nahi ditu. UEMAk bere udaletan erabilera planak egiteko aplikatuko duen metodologia berriak ehundik gora adierazle neurtuko ditu, lau esparrutan banatuta: irudi korporatiboa, barne harremanak, kanpo harremanak eta udalaren baliabideak. Gainera, egiten ari diren diagnostikoetako emaitzetan oinarrituta, lau mailatan sailkatuko dira udalak, eta bakoitzak duen errealitatetik abiatuta, urrats eraginkorrak eman nahi dira. Horretarako, sei hilero inflexio une bat izango duen jarraipen sistema zorrotz batez ere baliatuko dira.

Eredu izateari garrantzia

UEMAk sorreratik garrantzia berezia eman dio euskararen normalizazioan udala bera eredu izateari. Eta administrazioak euskararen normalizazioan duen ardura eta eragite ahalmena kontuan izanda, urrats sendoak eman ditu udalak euskalduntzen. Administrazioaren baitan eta euskarari dagokionez, erreferentzia bilakatu diren hainbat udal ditugu UEMAn. Erdaraz funtzionatzetik euskara hutsean aritzeko gaitasunaz jabetzera heldu/iritsi diren udalak dira horiek.

UEMAk metodologia desberdinak baliatu izan ditu Mankomunitateko udalen euskalduntzea gauzatzeko. INDEXPLA izenekoarekin eman ziren lehen urratsak, segidan etorri zen AEBEMET, eta plan haien balorazio eta jarraipenerako UEMAk bere metodo propioak sortu ere egin zituen. Azken urteetan, Eusko Jaurlaritzak sortutako Irati aplikazioa erabili izan du UEMAk, eta bertan zehazten ziren esparruetan oinarrituta garatu izan ditu erabilera planak.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.