Euskalduntze alfabetatze kanpaina abian da. Euskaltegiek eta hainbat udalek, urtero jartzen dute abian euskaraz ikasteko matrikulazio kanpaina irailean. Honela, ehunka dira urtero euskara ikastera animatzen diren herritarrak.
UEMAk bere udaletatik euskaraz ikasteko diru laguntzak ematea sustatzen du. Gainera, euskaltegirik ez dagoen herri txikietako biztanleei erraztasunak emate aldera, eskualdeko euskaltegiekin harremanetan jarri eta matrikulazio kanpainak ere sustatzen ditu. Herri txikietan taldea osatuta, euskara klaseak herrian bertan ematea bultzatzen du Mankomunitatetik. Horren adibide dira, Ezkio-Itsaso, Aizarnazabal, Beizama eta beste zenbait herri txikitan izandako esperientziak.
UEMAko udalerrietan biztanleen %70 baino gehiagok daki euskaraz, eta guztien artean euskara nagusi den lurgunea osatzen dute. Harremanetarako edota lanerako, oro har, euskara da bertakoen hizkuntza. Eta honela, euskara kohesio sozialerako edota elkarbizitzarako baliabidea ere bada herriotan. Harreman naturaletarako bidea eskaintzen duenez, integraziorako tresna eraginkorra da euskara edonorentzat. UEMAn euskaraz gara, eta zu? Izan euskaraz!