Atzo hil zen Jean Haritxelar euskaltzainburu ohia, Miarritzen. Heriotza honen aurrean, lehenik eta behin doluminak agertu nahi dizkie UEMAk Haritxelarren senide eta ingurukoei.
UEMAren ustez, Haritxelarrek utzitako hutsunea betetzea ez da erraza izango. Izan ere, langile nekaezina izan da euskararen aldeko lanean. Iparraldetik, euskara oraindik ere ofiziala ez den lurgunetik, euskararen bidean kitatuko ez den arrastoa utzi du horrela.
1963tik zen euskaltzain, eta, besteak beste, hamabost urtean gidatu zuen Euskaltzaindia (1989-2004). UEUren (Udako Euskal Unibertsitatearen) sortzaileetakoa ere izan zen, beste gauza batzuen artean.