Hasiera » Zehaztu gabe » Zarauzko Udala euskara hutsean ariko da herritarrekin irailetik aurrera

Zarauzko Udala euskara hutsean ariko da herritarrekin irailetik aurrera

la foto Hizkuntza irizpide berriak Bildu, EAJ, PSE-EE, Aralar eta Ezker-Anitzaren aldeko botoekin onartu zituen Zarauzko Udalak plenoan, PP abstenitu egin zen. Zarautz UEMAn sartu berri da eta indartsu ari dira euskararen aldeko lanean. Zarauzko udal ordezkariekin batera, Maren Belastegi UEMAko lehendakaria eta Zigor Etxaburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria ere gaurko agerraldian izan dira, Zarauzko Udalak hartutako erabakiaren garrantzia nabarmendu nahian. 

 

 

Zarauzko Udalak aspaldi hasi zuen euskararen erabilera arautu eta bultzatzeko ibilbidea, 1994an onartu zuen, hain zuzen ere, Zarauzko Udalean eta Udalerrian Euskararen Erabilera Normalizatzeko Arauak ematen dituen Udal Ordenantza.

Zarauzko Udalaren hizkuntza, oro har, euskara izango dela eta, Zarauzko Udalak euskarari lehentasunezko tratamendu berezia emango diola arautzen du Ordenantzak, eta baita herritar euskaldunei zuzendutako komunikazio, jakinarazpen, gutunak, etab., euskaraz egingo direla ere.

Bi erabaki garrantzitsu horietan oinarrituta Zarauzko Udalak aurrerapausu garrantzitsuak eman ditu:

  • 2012ko martxoaren 28ko Osoko Bilkuran Urola Kostako Udal Elkartea osatzen duten beste udalerriekin batera hizkuntza politika jakin baterako irizpide orokorrak onartzea izan da horietako bat,
  • 2013ko urtarrilaren 24ko Osoko Bilkuran Zarauzko Udalak UEMAn (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) sartzeko erabakia hartzea bestea,

  • eta ZARAUZKO UDALAREN HIZKUNTZA IRIZPIDEAK onartzea (2013-02-27ko Osoko Bilkuran) urratsik garrantzitsuena izango da Udalaren hizkuntza politika eguneratu eta zehazteko, jaso duten babes politiko zabala ere lagungarri gertatuko da, zalantzarik gabe (20 bozka alde eta abstentzio bat).

“Zarauzko Udalaren Hizkuntza Irizpideek” arlo hauetan izango dute eragina: ahozko eta idatzizko komunikazioa, langileen prestakuntza orokorra, erabili beharreko tresna eta aplikazio informatikoak, internet eta intranet sareak, udalaren argitalpenak, hizkuntza paisaia, iragarki eta publizitate kanpainak, diru-laguntzak emateko irizpideak eta kontratazio administratiboetan ezarri beharreko hizkuntza baldintzak.

Hiru erabaki nagusi azpimarratu nahiko genituzke:

1.- Udalak euskaraz lan egiteko azaldu duen borondatea

2.- Herritarrekin euskarazko harremana lehenesteko erabakia

3.- Kontratazio publikoetan hizkuntza irizpideak txertatu beharra

Lehenengoari buruz, Udalak beharrezko diren bitartekoak jarriko ditu, formazio zein trebakuntza saioak, baliabide informatikoak etab. langileek euskaraz lan egiteko beharrezko tresnak izan ditzaten.

Bigarrenak aldaketa nabarmena ekarriko du. Orain arte Udalarekin idatzizko harremanak euskaraz izan nahi zituztenen errolda baliatzen zuen Udalak. Erabaki honen ondoren Udalak herritarrekin euskarazko harremana lehenetsiko du, euskarazko jakinarazpen, errezibo eta idatziak jasoko ditugu hemendik aurrera.

Kontuan izan behar dugu Zarauztarren %70a euskalduna dela, beraz gutako askok euskarazko testuak ulertzeko gaitasuna badugula. Herritar askorentzat gazteleraz irakurtzeko ohitura hori baino ez da, ohitura, eta ahalegin txiki batekin ohitura hori erraz alda daiteke. Ahalegin txiki bat merezi du…

Hala ere, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatuko dira, Udalarekin harremana ele bitan izan nahi duten herritarrek berariaz eskatuko dute, eta errolda berezi bat sortuko da herritar horiei agiri guztiak ele bitan bidaltzeko.

Errolda hori uda honetan jarriko da abian.

Herritarrek bide bat baino gehiago izango dute izena emateko eta Udalarekin gazteleraz ere aritu nahi dutela esateko.

– zuzarautz.info webgunean sabemos castellano bannerra klikatuz.

– Euskara Zerbitzuan aurrez aurre, telefonoz (943 00 51 16) edo posta elektronikoz eskatuz: euskaraz@zarautz.org

Esan beharrik ez dago errolda horrek Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko araudia beteko duela, eta bere ondorioak Udalarekin izan beharreko harreman hizkuntzara mugatuko direla.

Gai hau behar bezala lantzeko jendaurrean lan egiten duten udal langileek berariazko trebakuntza izango dute.

Hirugarrenak ere aipamen berezia merezi du, izan ere kontratazio publikoak gero eta garrantzi handiagoa baitu. Kontratu publikoek nahitaez bete beharko dute, gutxienez, hizkuntza ofizialtasun bikoitzaren araubidea, horrela bada, kontratazio-arloan erabiliko diren neurriak udalak berak bete behar lituzkeen antzeko hizkuntz baldintzak bermatzeko helburua izango dute.

Hizkuntza baldintzak kontratazio modu eta mota guztietan jasoko dira eta edozein kontratazio egin aurretik eta ondoren, ziurtatu egin beharko da delako enpresa edo norbanakoa gai dela eman behar duen zerbitzua euskaraz emateko.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.