Leitzako Euskara Batzordeak egindako proposamena onartu zuen Udalak, eta honela dio hitzez hitz:
EUSKARAREN ERABILERA LEITZAKO AZOKAN
Leitzako Udalak ahalegin handia egin du herrian euskararen erabilera bultzatzeko eta normalizatzeko, eta herriko bizitzako espazio guztietan euskarari tokia egiteko.
Leitzan ostiraletan egiten den azoka herriko bizitzako gune garrantzitsua da, eta, horrenbestez, bertan egiten den hizkuntzaren erabilera ere garrantzitsua da.
Azoka herriko plazan egiten da, eta plaza espazio publikoa da, herriarena azken batean. Udalaren ardura eta erantzukizuna da, beraz, espazio publiko horretan euskararen erabilera zaintzea, eta hura indartzen saiatzea.
Euskararen erabilera hori zaintzeko eta herriko hizkuntza paisaia euskalduntzen jarraitzeko, eta Udalak berak duen hizkuntza politikarekin bat eginez, Leitzako Udalak honako erabakia hartu du:
Oinarriak:
.- Leitzako Azoka herriko plazan egiten da, eta plaza espazio publikoa da.
.- Leitzako Azoka jarduera arautua da, eta Udalak ezarritako baldintzak bete behar ditu.
.- Euskararen ordenantzan arautzen den ildo berean, herriko instalazioak edo espazio publikoak erabiltzeko baimena nahi duenak euskararen inguruko irizpideak bete behar ditu.
Erabakia:
.- Leitzan ostiraletako azokan jartzen diren postuetako ageriko edo jendaurreko elementuak (prezioak, oharrak, produktuen zerrendak…) gutxienez euskaraz jarri beharko dira. Norberaren esku geldituko da euskaraz gain beste edozein hizkuntza erabiltzea.
.- Euskaraz jarri beharreko elementu horietako testuak euskaratzeko postu guztietako arduradunek Udalaren euskara zerbitzuaren laguntza izanen dute, doan.