Hasiera » Zehaztu gabe » UEMAk bilera erronda hasi du Mankomunitatean ez dauden udalerri euskaldunekin

UEMAk bilera erronda hasi du Mankomunitatean ez dauden udalerri euskaldunekin

UEMA Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako udalerriak biltzen dituen mankomunitate bakarra da, gaur egun. Bere sorreratik UEMAren helburuetako bat izan da euskararen lurgunea osatu eta handitzea. Orain, 20. urteurreneko hausnarketatik ateratako ildo berrian helburu horri garrantzia emanez, harremanak sustatzeari ildo propioa eman zaio. Bide horretatik, UEMAk harremanak berrartu ditu Ipar Euskal Herriko eragileekin, eta plangintza berezitua egin du hego Euskal Herriko udalerri euskaldunei begira.

Legealdi hasieratik hona, 10 baino gehiago dira UEMAra gehitu diren udal berriak. Modu horretan, UEMAren lurgunea zabaldu eta mankomunitatearen ordezkaritza handitu da.  Badira oraindik, ordea, ate joka ditugun udalak ere, eta horiei guztiei erantzun nahi dio UEMAk abiatu duen plangintzak. Horrela, mankomunitatea indartu eta zabalduz, udalerri euskaldunek gure hizkuntzaren geroan jokatzen duten funtzio garrantzitsua aitortua izan dadin ordezkaritza sendoa osatu nahi da, herritarrak sentsibilizatu eta goi administrazioak ere beharrezko diren neurriak har ditzan.

Hizkuntza-politika aurrerakoiak bultzatzen ditu mankomunitateak, erakunde publikoetatik bultzatzen den elebitasun-politikak ez dielako erantzuten beren herrietako errealitate soziolinguistikoari. Euskara hutsean funtziona daitekeela eta funtzionatu nahi dutela erakutsi dute bertako udalek, eta elkarlanean etorkizuneko Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari dira.

Ipar Euskal Herriko daturik ezean, hego Euskal Herrian 143 udalerri eta 307.078 biztanlek osatzen dute euskararen lurgunea. UEMAk 71 udalerritan 199.102 biztanle batzen ditu, lurgune euskaldunean bizi diren biztanleen %65 inguru. Udalerri horietan biztanleen %70ek baino gehiagok daki euskaraz eta honela euskarak duen arnasgunerik zabalena osatzen dute. Funtzio garrantzitsua jokatzen dute udalerri euskaldunek gure hizkuntzaren geroan. Izan ere, edozein hizkuntzak, biziko bada, nagusi izango den eremua behar du.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.