Hasiera » Zehaztu gabe » “Euskararen lurgunea euskararen arnasa da. Udalerri euskaldunak euskararen biziraupenean ezinbestekoak dira”

“Euskararen lurgunea euskararen arnasa da. Udalerri euskaldunak euskararen biziraupenean ezinbestekoak dira”

Iratxe Ibarrari Otxandioko Udal Euskara Batzordearen Barripaperean egindako elkarrizketa osorik: 

Zer da UEMA? Noiz sortu zan? Ze behar soziali erantzuteko asmoz?

Udalerri Euskaldunen Mugimendua 1988. urte amaieran hasi zan, Euskal Herrian Euskaraz-en ekimenez, 30 udalerri euskaldunek “Euskararen Erabilpena Normalizatzeko Udal Arautegia” onartu ebenean.

Esan beharrekoa da udalerri euskaldunek erabagi hori hartu baino lehen, 1982an hain zuzen be, Eusko Jaurlaritzak emandako 10/1982 Euskararen Legeko 8.3 artikuluaren arabera, udalerri euskaldunetan euskera hutsez funtzionetako aukera jasoten zala, baina Auzitegi Konstituzionalak artikulu hori indargabetu egin ebala. 

Eta Euskararen Legearen 8.3 artikuluaren asmoa bereganatu zuten udalerri horiek. Horri guztiari erantzuteko asmoz, 1991. urtean, hainbat udalek Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea sortu eben Aizarnazabalen. Ordutik, egindako beharra eta lortutako emaitzak handiak izan dira. 

Zenbat herri dagoz UEMAn gaur egun? 

Gaur egun, 69 herri dagoz UEMAn: 13 Nafarroan, 1 Araban, 18 Bizkaian eta 37 Gipuzkoan. Guztira, 216.000 biztanlez osotutako lurraldea da. Baina, aitatzekoa da, ate joka be herri bat baino gehiago daukagula, eta legealdi honen amaierarako kopuru horrek goraka egiteko konbentzimentua dogula. 

Ze baldintza bete behar dauz herri batek UEMAn sartzeko? 

Bete behar dan baldintza nagusia herritarren %70a euskalduna izatea da. Eta jakina, garrantzitsua da Udalak euskeraz funtzionetako eta UEMAko ganerako udalekin batera hizkuntza politika aurrerakoiak egiteko borondatea izatea. 

Ze balorazino orain arteko ibilbideaz? 

Maite dodanaren alde lan egiteak asko beteten nau. Baina, balorazino pertsonaletik haratago, UEMAren ibilbideari begiratzen badeutsagu, emaitza errealak ikusi geinkez. UEMAko udalak erreferentziazkoak bilakatu dira euskeraren erabilerari jagokonez. Eta horren ondorioz, UEMAk gero eta errekonozimentu handiagoa jasoten dau beste eragile eta instituzinoen aldetik be, eta hori guretzat pertsonalki be pozgarria da. 

Zailtasun nagusiak? 

Zailtasunak izan dira, bai, UEMAren ibilbidean. Hasiera batean, UEMAren izaera zala-eta arazo juridikoak gainditu behar izan genduzan, baina gainditu ziren hareek. Horrezaz ganera, zailtasuna bihurtzen da askotan euskeraz bizi gura daben udaletan euskeraz egiteko euskeren legeek (bai EAEkoa bai Nafarroakoa) eurek jartea aurrera egin ahal izateko oztoporik  nagusienak. 

Eta euskeraz bizi ahal izateko zeure erabagiez ganera, beste eragile pribauen zein administrazinoen jardunak baldintza garrantzitsuak izateak be oztopoak jarten dauz bidean. Baina, egia esan, astiro-astiro zailtasun askori bidea zabaltzea lortu dau UEMAk, eta oraindino daukaguzanei zabaltzeko indarra badaukagunez, aurrera egiteko ilusinoz gagoz. 

Epe laburreko erronka nagusiak? Aurtengoak? Zertan zabize batez be? Eta epe luzerako? 

Hausnarketa prozesu batean sartuta egon gara azken urte bietan. Hogeigarren urteurrena zala-eta hasi genduan aitatutako prozesua. Eta bertan, urteotako ibilbidearen emaitza positiboak eta ahulguneak aztertu doguz, UEMAko teknikari, udaletako behargin eta ordezkari politikoekin batera. Hausnarketa prozesu horrek UEMA indarbarritzeko eta ildo estrategikoa berregokitzeko balio izan dau. 

UEMAk euskeraren normalizazinoan motore papera hartzea dau helburu, eta euskeraren aldeko hizkuntza politika ausart eta aurrerakoiak egin eta eragitea. Horretarako, lan ildoak definidu eta berrantolatu dira: UEMAko udalen euskera hutsezko funtzionamentua bultzatzea, UEMAren lurgunea zabaldu eta UEMAko herrien garapen jasangarria bermatzea. Beti be, ganerako instituzino eta eragileekin hartu-emonak sendotu eta alkarlana sustatuz, bereziki euskalgintzagaz. 

Azpimarratzeko beste mezurik? 

Bai, inoiz baino ageriago gelditzen dabil UEMAk ordezkatzen dabezan udalerri euskaldunak euskeraren biziraupenean ezinbestekoak direla. Euskeraren lurgunea euskeraren arnasa da. Eta, gure hizkuntzaren etorkizuna bermatu nahi badogu, beharbeharrezkoa da arnasguneak babestea eta zabaltzea. Eta horretan, bertako herritarrok be badogu zereginik. Euskeraren aldeko jarrerak indartzeko eta gune honeen babes juridiko eta politikoa lortzeko indarrak batu behar doguz. Babes hori lortzea ezinbesteko faktorea izango da datozen urteetan.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.