Hasiera » Zehaztu gabe » “Hizkuntz politika aurrerakoi eta ausartak” eskatu dituzte Uema Egunean, Aramaion

“Hizkuntz politika aurrerakoi eta ausartak” eskatu dituzte Uema Egunean, Aramaion

“Badugu indarra, badugu ilusioa. Baina ezin dezakegu udalerri euskaldunen erabateko euskalduntzearen zama guztia gure bizkar gainean eraman”. Maren Belastegi Uemako lehendakariak gaur Aramaion esan du euskarak “hizkuntz politika aurrerakoi eta ausartak” behar dituela. Udalerri euskaldunek udaletan euskalduntzea bultzatzeko urrats sendoak egin nahi dituztenean legea delako bidea ixten diena. “Euskararen Legeak ezin duela izan euskararen beharrak itoko dituen muga gaindiezina”.

Belastegik goi mailako erakundeek gaiari heltzea eskatu du gaur Uema egunean, baina gaineratu du eragile sozialekin egin beharreko lanketa eta euskalgintzako eragileen ekarpenak “ezinbestekoak” izango direla. “Konpromiso berriak behar ditu euskarak, neurri berriak, lege berriak. Aire berria behar du beraz euskarak, eta horixe UEMAk eskani nahi diona; hizkuntza politika berria”.

Batzarra eta jaia

Goizean goiz egin du Uemak batzarra Aramaion, eta 11:30ean bota dute Uema Egunari hasiera eman dion suziria. Eguraldiak lagundu ez duen arren, Aire berria euskarari lelopean elkartu dira udalerri euskaldunen mankomunikatea osatzen duten herrietako ordezkariak.

“Jarraitu behar da euskararen alde eta aire berria beti etortzen da ondo”, esan du Miren Irigoien zuzendaritzako kideak Euskadi Irratian. Lurraldeak txandakatuz ospatzen dute urtero Uema Eguna, eta Araban mankomunitatean dagoen herri bakarra Aramaio denez, berriro ospatu dute hor jaia.

Aramaio, duela hamazazpi urtetik

“Ilusioz eta gustura” hartu du herriak gaurko eguna antolatzeko ardura, Ramon Ajuria alkatearen hitzetan. Duela hamazazpi urte egin zen Aramaio Uemako kide. Egitarau zabala zuten prest gaurko. 12:00etan, Goizueta eta Aramaioren arteko herri kirol lehia zen egitekoa, baina goizuetarrek taldea osatu ezin izan dutenez, Aulestia eta Aramaioren artekoa izan da.

16:30ean, Irrien Lagunen ikuskizuna izan da; 18:30ean, erromeria; eta 22:00etan, kontzertuak.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz kudeatzailea

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.